
Kolore biziko finalerdiak jokatu dira igande honetan Laudioko pilotalekuan. Saria handia zen –apirilaren 6ko Oiartzungo final handirako txartelak eskuratzea–, eta sari hori irabazi dutenak Arrizabalaga-Bergara eta Arraiza-Gaminde pilotariak dira, euren kanporaketetan irabazi ostean.
Emakumeen esku pilotan historia egitea begitan hartuta du Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergara oso sendo batek lagunduta, bere seigarren Binakako txapelerako bidea urratu du gernikarrak, goraino bete den Laudioko Areta pilotalekuan final handirako sailkatuta (22-15 irabazi diete Zabaleta-Osesi).
Hori bai, gizonezkoetan oraingoz inork lortu ez duen marka hori lortzeko ez dute lan errazik izango, Mirian Arraiza-Enara Gamindek ere oso kontuan hartzeko bikotea direla berretsi baitute Etxegarai-Arrillagari 22-16 gailenduta. 2022ko txapelketan, Irunen, elkarrekin jantzi zuten txapela Arrizabalaga eta Gamindek eta hiru urte beranduago, handik ez oso urrun, bakoitzak bere bikotearen zama eramango du hemendik bi astera jokatuko den final handian.
Urrezko Ligaxkako emaitza txarrak ahaztuta, lehen faseko Arrizabalaga-Bergara ikusi ditugu berriz ere kantxan eta Zabaleta-Osesi 22-15 irabazita, gernikarrak bere seigarren txapelaren bila jarraituko du, Tuteran jaio baina Bergaran bizi den atzelariak bere Binakako lehen finala jokatuko duen bitartean.
Txapelketan egindakoaren laburpen gisa edo, partida gora-beheretsua izan da Laudioko finalerdia. Lehen fasean bezala, bikain ekin diote partidari Arrizabalaga-Bergarak. Sakearekin min handia egin du Gernikako aurrelariak eta, 9-2 aurreratu direnerako, bost tanto eginak zituen lehenengo pilotakadarekin egungo txapeldunak.
Baina, parean, egungo kaiolako txapelduna zuen parean bizkaitarrak eta azkenaldian gaixorik izan duen eritasuna gainditua, jokoan sartu denean, Goiuri Zabaletak partidaren norabidea aldatu du. Fisikoki bere onenean egon ez arren, teknikoki pilotari aparta da leitzarra eta tanto ikusgarriak uzi ditu. Bi atzelariek oso partida sendoa jokatu dute, huts oso gutxi eginda eta markagailua, gehienean, aurrelarien arabera mugitu da. Egin eta galdu, Olatz Arrizabalagak egin du gehiago, baina sekula ez du markagailuaren aginte makila bere aurkarien esku utzi eta bere zortzigarren finalerako txartela eskuratu du, Bergara oso seguru baten laguntzarekin.

Arraiza-Gaminde, nahi baino gehiago sufrituta
Bigarren finalerdian, pronostikoak oso alde izan arren, nahi baino gehiago sufritu behar izan dute Arraiza eta Gamindek 22-16 irabazteko. Etxegarai-Arrillagak oso ondo ekin diote partidari eta lehen erdian oso ondo eutsi diote markagailuari, tarteka abantailak ere izan dituztelarik.
Lan erdietatik aurrera, ordea, aurretik espero zen gidoia ikusi ahal izan da kantxan, gorriak azken asteetan eskuetako arazoak izan dituen Miriam Arrillaga zigortzen hasi dira eta pixkanaka-pixkanaka, Enara Gamindek erabat berea egin du jokoaren aginte makila.
Laukizkoak zulo ikaragarriak egiten ditu atzeko koadroetan eta Miriam Arraizak ere bikain lagundu dio eta tarte polita ireki dute. Garaipen erraza lortuko zutela zirudien arren, partida amaitzea pixka bat kostatu zaie, bikote gipuzkoarra apur bat gerturatu zaie markagailuan, baina donostiarrak eta Laukizkoak merezitako garaipena eskuratu dute eta oso final ederra espero da hemendik bi astera Oiartzunen.

Pierde un testículo por un impacto de foam en el desalojo del gaztetxe de Errekalde

Los trabajadores de Guardian aceptan las indemnizaciones y la empresa cerrará este abril

Las lesiones de Zabarte apuntan a un pelotazo de foam aunque la Ertzaintza lo niega

«Comandos Anticapitalistas de ETA», ¿ignorancia o errata intencionada de la consejera?
